references
Elkarbizitza
H H T G B
Haur zikloa
Goizeko zazpi eta erdiak dira. Iratzargailuak jo du; altxatzeko ordua da. Jantzi bitartean, irratian zure abeslari kuttunenaren kanta entzun duzu ezin ozenago. Ikastetxerako bidean kale guztiak gurutzatu dituzu semaforoei kasu egin gabe, eta autoek bat-batean balaztatu behar izan dute zu ez harrapatzeko. Ikastetxera iristean, nahiz eta ikaskide batzuk ilaran egon, bultzaka egin duzu aurrera eta lehenengoa jarri zara... Zer iruditzen zaizu hori guztia? Hori egiten duzu normalean goizetan? Ez, ezta? Izan ere, elkarrekin bizitzeko arauak daude. Eta errespetatu behar ditugu. Goizeko zazpi eta erdietan ezin dugu musika ezin ozenago entzun, auzokide batzuk lotan egon daitezke eta; era berean, ezin dugu kalea gurutzatu semaforoei kasu egin gabe, istripu bat eragin baitezakegu; ezta lehenengoak ilaran jarri ere, arau batek esaten baitu iritsi ahala jarriko garela ilaran. Hori horrela da, eta errespetatu beharra dago. Horrek erakusten dizu zein garrantzitsua den elkarbizitza guztiontzat. Elkarrekin bizitzeak hainbat arau dakar: egindakoak, adostutakoak edo besterik gabe hor daudenak eta “sen onak” aginduta errespetatzen ditugunak, harmonian, errespetuan eta behar bezala bizi ahal izateko. Familiarekin, etxeko arauak; irakasleekin eta ikaskideekin, ikastetxeko arauak; auzokideekin, auzoko arauak; erabiltzen ditugun leku eta zerbitzuetan, arauak... eta, bukatzeko, Lurrean. Lurra eskuzabala da bere baliabide eta mirari naturalak eskaintzen, eta berarekin ere bizi beharko genuke. Elkarbizitzarako araurik gabe, gure bizitza eta egunerokotasuna anabasa ikaragarriena litzateke eta ezingo genituzke gure eguneroko jarduerak aurrera eraman. Etxean, nahiz eta idatzitako arau formalik ez izan, badira ziurtzat jotzen ditugun zenbait arau, eta arau horiek familia-elkarbizitza hobetzen dute: guztiok har-
tu behar dugu parte etxeko lanetan; altxatzeko, oheratzeko, jateko... ordutegiak errespetatu behar ditugu; inor etxera gonbidatu nahi badugu edo maskota bat nahi badugu, galdetu behar dugu... Guztiok leku txiki bat partekatzen dugu, eta elkarrekin bizi behar dugu. Eskolako elkarbizitzak arau errazak baina zehatzak ditu. Umeok gero eta helduagoak zarete urtez urte, eta eskolan, ezaguera berriez gain, bizitza osoan zuekin izango dituzuen elkarbizitzarako jarraibideak ere bereganatzen dituzue. Batzuetan pentsatzen dugu irakasleak tematuta daudela puntualtasunarekin, higienearekin, ordenarekin, galdetzeko eskua altxatu beharrarekin... Behin eta berriz errepikatzen dute. Baina kontua da haiek dakitela hori guztia barneratu behar duzuela, azkenean pentsatu gabe egin dezazuen. Lortuz gero, etorkizunean abantaila handia izango duzue helduekin batera bizitzeko eta edozein tokitan egoki jokatzeko. Azkenik, eta gainontzeko elkarbizitza mota bezain garrantzitsua, gizaki gisa Lurrarekiko elkarbizitza bereziki zaindu behar dugu. Landareak, animaliak, gizakiak... Guztiok partekatzen dugu unibertsoko txoko zoragarri hau. Elkarrekin bizitzen eta ahalik eta gehien elkar errespetatzen ez badakigu, gero eta landare- eta animalia-espezie gehiago egongo dira desagertzeko zorian; poloetako izotzak desagertzen jarraituko du, eta ur-maila igotzen; kutsadura handiagoa egongo da airean... Eta hori guztia gertatuko da gizakiak berekoiak direlako eta elkarbizitzarako oinarrizko arauak errespetatzen ez dituztelako —azken finean, arau horiek guztiongan eragin berbera dute—. Guztion artean hondatze hori gelditzeko modua asmatu ahal dugun itxaropena izan behar dugu. Guztiok hori egiteko arauak eta sistemak hitzartuz gero, arau horiei eustea nahikoa izango da gure planeta izugarriak biziz beteta biraka jarraitzeko beste milaka urtez.
Hasierako zikloa
Tarteko zikloa
Goiko zikloa
Birziklatzea
Zentzuzko tutoretza heziketa-ziklo guztietarako
Laguntzailea:
17