7 BALIOETAN HEZTEKO PROGRAMA Etxe bat haur bakoitzarentzat zure balioei HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZA 2019-2020 IKASTURTEA 1. helburua: pobrezia desagertzea. Pobre hitza erabiltzen dugu eguna igarotzeko euro bat eskas duten pertsonei buruz hitz egiteko. Agian oraindik ez zara oso kontziente izango diruaren balioaz, baina etxean gurasoei galdetzen badiezu edo eskolan irakaslearekin hitz egin baduzue, haiek ulertaraziko dizuete euro bat oso gutxi dela normaltasunez bizitzeko. Euro batekin, kromo-pakete bat edo croissant bat eros dezakegu, baina beste ezer ez. Euro bakar batekin,ezin ditugu egunean hiru edo lau otordu egin, ezta? Garraio publikoa ere ezin dugu erabili eskolara edo lanera joateko, txartela garestiagoa delako. Botika gehienek ere euro bat baino gehiago balio dute, eta askoz ere diru gehiago behar da etxe bat alokatzeko eta ura edo argindarra ordaintzeko. Gurean, pobrezia-indizeak ez dira Afrikako, Asiako edo Latinoamerikako herrialde batzuetakoak bezain altuak, baina, hala eta guztiz ere, familia eta pertsona pobreak ditugu inguruan. Txikiak gara eta oso lan garrantzitsua egiten has gaitezke dagoeneko: konturatu behar dugu pertsona guztiak berdinak garela, eta egoera sozial hobean gaudenok babes gutxien dutenei lagundu behar diegula. Batez ere, elkartasuna erakutsiz.